viernes, 22 de marzo de 2013

Korrika 18 Zornotzako kaleetan


Urritxe Institutuko partaideek Ogenbarrenan  hartu dute lekukoa eguerdiko ordu bietan. Itziar Irakulisek eta Beñat Martinek eman diete Jose Luis Larreari eta Gorkari. Urritxe Institutuari adierazitako bidea egin ondoren Udabarri dantza taldeari eman diote lekukoa.  Aurtengo Korrika azken urteetako jendetsuena izan da eta  jende gazte ugari ikusi dugu Zornotzako kaleetan. Zorionak parte hartzaile guztiei!

viernes, 1 de marzo de 2013

Katixa Agirre idazlearekin solasean


Katixa Agirre arabarrak  Amaia Lapitz eta erregina gorriaren hilobia (Elkar) idatzi du. Gazteei zuzendutako “Amaia Lapitz”  bildumaren lehen alea da eta hilabete bat barru bigarrena argitaratuko duela esan digu Katixak. Bigarren alearen kokalekua Tunisia izango da eta Amaiak izandakoak kontatuko dizkigu idazle gasteiztarrak.

Lehen ale honetan, Amaiak, protagonistak, bere amarekin Mexikora egiten duen bidaian izandako gora beherak kontatzen dizkigu Katixak. Gogoan izan,  idazlea ere Mexikon egon zela eta han bildutako datuez baliatzen dela eleberria eratzeko. Gazteen galderak entzun ondoren,  nabaria izan da gustura irakurri dutela DBHko 2. mailako ikasleek eta horrela adierazi diote Katixari. Bigarren alea ere irakurtzeko prest azaldu dira ikasleak.

Idazteaz gain, bidaiatzea ere gustuko  du Katixa Agirrek (Gasteiz, 1981). Lagun batekin Mexikora egin zuen bidaian hasi zen pentsatzen eleberriaz. Datuak bildu zituen eta behin etxean, bildutakoari itxura eman zion eleberri batean.Eleberrian zehar  Amaia, protagonista gaztea, bai maien kulturan, bai zapatisten inguruan murgiltzen joango da eta abenturaz eta intrigaz betetako nobela eratuko du idazle gazteak.

Laster izango dugu “Amaia Lapitz” bildumaren bigarren alea eta guztiok espero dugu lehen alearen besteko arrakasta izatea. Zorionak Katixa, zure lanagatik!