jueves, 10 de mayo de 2012

Ordezko andereñoa

"Ordezko andereñoa"  filma  izan da oraingoan  2. DBHko ikasleek  "Euskara Zine Aretoetara"  proiektuari esker ikusi dutena  Zornotza Aretoan.
"Seigarren mailako maistra berriak guztiz engainatuta dauzka ikasleen gurasoak, irakaslerik onena dela sinetsarazita. Ikasgelako ateak ixten direnean, itxurak egiteari utzi, eta gaizto baino aiztoago bihurtzen da, Edurnezuriren sorgina baino gaiztoago. Baina ez da hori txarrena; umeei pentsasmenduak irakur diezaizkieke. Eta oraindik okerrago: ez dirudi gizaki bat denik. Eta gizaki bat ez bada, zertan ari da Lurrean? Zergatik eraman nahi ditu umeak Frantziako eskola-lehiaketa batera? Eta, batik bat, nola egin behar zaio aurre alien bati?

miércoles, 2 de mayo de 2012

Santikurtzeak Bizkargin

BIZKARGIko SANTIKURTZEAK

Maiatzaren 3an, ohitura dago Bizkargira igotzeko baita hurrengo domekan ere, errepetizino egunean. 
Lehen, Gorozika, Morga, Etxano, Larrabetzu eta Muxikako parrokietako ordezkariak eta kontzejalak batzen ziren erregu egiteko santikurtze egunean Bizkargin.
Inguruko herrietako erromes taldeak, otoitzean, ermitaraino igo eta meza entzun ondoren erromeria handia egiten zen.   Ermita Etxanoren jabetzakoa zenez, Etxanoko udalaren ordezkariak Txuzoa edo aginte makila lurrean sartzen zuen ermitaren ondoan erromeriari hasiera emateko.
Erromesei “txantelak” banatzen zitzaizkien bidean eta horrela tontorrean Etxanoko udalak eroaniko zaragia bete ardo zuri txanteldunen artean edaten zen.

Orain-oraintsura arte, santikurtze egunean, ermitan bedeinkatutako sahatsaz eta ereinotzez apaindutako gurutzeak ipini izan dira soloetan, uzta babesteko.

Gerra zibilean hainbat borrokaldi izan ziren Bizkargin gudari eta nazionalen artean tontorra behin eta berriro irabazi eta galduz. Bajak ugariak izan ziran alde bietan.
Ermita 1937an, apurtuta geratu zen eta berriro eraiki ondoren 1943ko maiatzean inauguratua zen.

Badirudi gerraosteko hurrengo hamarkadetan Santikurtzeak “normaltasunez” joan zirela eta bertako meza eta erromeria famatuak zirela, bertara hildakoen senideak eta gudariak ere joanez. Hiru-lau
musika jole zebiltzan txoko desberdinetan, herri bakoitza bere dantzariekin eta dantzatzeagatik kobratzen zitzaien. Antza denez, gerraostetxoan ere Bizkaiko dultzaina zen erabiliena, eta beranduago indartu ziran erromeriarako txistua eta trikitixa. Baina frankismoaren azken urteetan, Goardia zibilak joaten hasi ziran jeepetan erromerian txistua jotzea ere debekatuz. Ikurrinak ipintzen ziren bideko kable elektrikoetan, baita tontorrean bertan ere. Arrastian ohitura zen Zornotzara jaistea.
1965eko urriaren 17an Lehen Gudari Eguna ospatu zen Bizkargin.
70. hamarkadan zehar, Udabarri Dantza Taldeak Bizkargiko santikurtzeak bultzatu zituen, bertan
euskal musika-tresnak eta dantzak zabalduz. Bost urtetan Zornotzan Euskal Jaialdiak antolatu zituzten, parkeko frontoian eta Zelaieta zineman, herrian giro euskalzalea eta mendizalea lortuz.
Franko hil ondoko urteetan mendietako erromeriei makalaldia heldu zitzaien, (1975etik aurrera)
eta Bizkargikoa ez zen salbuespena izan horretan. Jendea urritzen hasi zen azken urteetako debekuen eraginez eta meza ostean ezer gutxi zegoen.
1985-88 urteetan Zornotzako AEK-k eutsi gura izan zion erromeriari eta izugarrizko bultzada hartu zuen jaiak, bai Bizkargin eta bai Zornotzan bertan ekintzak antolatuz.
 
1987an Gernikako Borbardaketaren 50.urteurrena zela eta, Batzordeak baimena eskatu zion Zornotzako AEKri Bizkargiko santikurtzeetako programa antolatzeko. Ordukoak dira Bizkargin jarrita dauden eskultura
(burdin gorriak) eta plaka (hildakoen oroigarria).

1989. urtetik aurrera, euskal presoen aldeko taldeak arduratu dira antolaketa lanaz. Gehienetan Zornotzako jendea izan da antolatzailea mendi tontorrean eta arrastiko ekintzak Larrabetzun egiten dira ordutik ona.
Beraz, Bizkargi sinbolo garrantzitsua da Zornotzarrontzat eta inguruko herrietakoentzat, Bizkai osoko ondarea, euskaldunon nortasunaren gordeleku aparta.

2011.urtetik, Etxanoko Andra Mari Elkartekoak gehitu dira antolaketa honetara aintzinako ohiturari helduz: Txuzoarekin erromeriari hasiera emanez.



Jarrai dezagun Bizkargira igotzen… eta bertan disfrutatzen.